XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur Azkoitian idi demak eta Aian Gibitegi protagonista

Asteburu honetan, herri kirol arloan badago zer ikustekorik.

Azkoitin idi demak azken txanpan sartzen direlarik erakarpena izango du Azkoitiko probalekuak.

Bestalde, Urdulizen zaldi probak hasiak dira eta egun hauetan zehar arituko dira.

Orozkon ere herri kirol jaialdia antolatu dute Xabier Oruetaren omenez.

Aian berriz Gibitegi ahaleginduko da bere marka berri bat jartzen, 295 kiloko harri astuna jasoz.

Gaur Gibitegi Aian Herenegungo orrialdeetan zabal mintzatu ginen Aian izango den ospakizunetaz.

Gaurkoan gogoratu besterik ez dugu egingo.

Iñaki Otaegi Gibitegi Goiazko harrijasotzailea gogo bizian doa Aiara 295 kiloko harria jasotzeko asmotan.

Intentu latza da. Benetan gogorra.

Baina dirudienez ongi prestaturik dago eta jasotzeko prest aurkitzen da.

Gaur arratsaldeko bostetan emango zaio hasiera jaialdiari.

Marka berriaren intentoaren aurretik aizkolariak izango dira.

Arrospide eta Olasagasti neurtuko direlarik.

Baita ere, txingaerute ekitaldia izango da.

Urbizu eta Lertxundiren arteko borroka ikus ahal izango delarik.

Gibitegi 290 kiloko harria jasotzen saiatu zela bada urtebete bat.

Azkoitian egin zuen saioa.

Hiru aldiz plazaratu zen baina ezinezkoa izan zitzaion lepora eramatea aipatu harria.

Oraingoan bost kilo erantsi dizkio eta esperantzarik badu jasotzeko.

Zalantzak bihar argituko dira.

Azkoitian Mendigoiti, Idigoras eta Pedernales

Azkoitiko idi demak bukatzear daude.

Gaur gauekoa burutzen denean hiru ekitaldi besterik ez dira faltako.

Dagoenekoz Tolosako Lazkano dago aurrena sailkapenean.

Lehenbiziko egunean egin zuen marka inork ez du hondu.

San Andres egunean aritu zirenek ez zuten beste munduko gauzarik egin. Oso marka motelak.

Felix Lazkanoren marka 55 untze, zinta bat eta bi metro pasatxo da.

San Andres egunean, bi ekitaldi izan ziren eta egun honetan markarik onena Arientza Angiozarko probalariaren idi pareak egin zuen: 46 untze eta hiru metro.

Atzo gaueko hamarretan plazaratuko zirenak dira.

Jaime Alegria, Zubitegi eta Burgo.

Gaur, gaueko bederatziretan, berriz, Idigoras, Mendigoitia eta Pedernales.

Astelehenean gaueko hamarretan Olabarrieta, Jose Beitia eta Andoitz.

Eta azken egunean, hilaren seian, gaueko bederatziretan, Artadialde, Barriola eta Madariagako Ezkerra.

Urdulizko zaldi probak atzo hasi ziren

Proba kontuan gabiltzanez, Urdulizkoak ere aipatu egin behar.

Hemen zaldi probak jokatuko dira.

Atzo hasi ziren gaueko bederatziretan eta plazaratu zirenak dira, Egaña, Ellaku, Ibarra eta Olea.

Gaur arratsaldeko bostetan Agirre, Beaskoa, Jose Elorduy eta Olano izango dira neurtuko direnak.

Astelehenean, hilak bost, gaueko bederatziretan, Koba, Zubizarreta, Ibarra anaiak eta Mendiondo izango dira plazaratuko direnak.

Eta azken egunean, hilaren seian, arratsaldeko bostetan, Urkiaga, Uzkudun, Zerain eta Juan Bilbao.

Irabazleak berrogeita hamar mila pezetatako saria eta mantak jasoko ditu.

Orozkon Oruetari omenaldia Xabier Orueta, sokatirari bikaina izan zen baina zoritxarrez urtebete da hil zela hogeita hamar urte zituelarik.

Berarekin herri kirolaren munduan murgildurik zebiltzanak eta herritar guztiak omenaldi bat eskaintzen diote gaur.

Protagonismoa batez ere sokatirak izango du.

Eguerdian, meza ondoren, 72O kilotako kategorian, Gipuzkoa, Bizkaia, Iparraldea eta Arabako taldeak neurtuko dira.

Sokatirariak ez ezik, aizkolariak ere izango dira, Larrea, Azumendi eta Salbidea anaiak.

Baita ere bertan aurkeztuko dira Iñaki Perurena eta Mikel Saralegi.